Ohiko galderak
1. Energia-komunitateei buruz
Zertan bereizten dira energia-komunitateak eta merkaturatzaile tradizionalak?
Energia-komunitateek eta merkataritza-energia tradizionaleko enpresek ikuspegi eta helburu desberdinak dituzte energiaren kudeaketan eta horniduran.
- Helburua eta onurak:
Energia-komunitateen helburu nagusia beren jardueren diru-sarrerak eta etekinak zerbitzuak ematera eta beren kideei edo jarduten duten tokiko eremuari ingurumen-, gizarte- edo ekonomia-inpaktu positiboak sortzera bideratze da. Enpresa tradizionalek ez bezala, ez dute irabazi-asmorik. - Jabetza eta kontrola:
Energia-komunitateak herritarrek, mikro, enpresa txiki eta ertainek edo tokiko agintariek osatzen dituzte, eta aktore hauek aktiboki parte hartzen dute eta proiektuaren kontrol estrategikoa eta zuzendaritzakoa gauzatzen dute. Horrek bermatzen du kideak instalazioen jabekideak izatea eta proiektuaren autonomiari eustea. - Gobernantza demokratikoa:
Energia-komunitateen barruan erabakiak hartzea printzipio demokratikoetan oinarritzen da, eta horrek kideen parte-hartze irekia eta borondatezkoa bermatzen du, haien autonomia indartuz. Gainera, gobernantza-ereduak lankidetza publiko-pribatuak-herritarrak sustatzen ditu, Espainian oraindik gutxi garatutako gobernantza-eredua. - Oinarrizko printzipioak:
- Energiaren autokudeaketa eta demokratizazioa: Kudeaketa autonomoan eta kideen inplikazio aktiboan oinarritzen dira, proiektuaren etapa guztietan..
- Ingurumen- eta gizarte-inpaktua: Ingurumenaren iraunkortasuna eta tokiko komunitatearen bizi-kalitatearen hobekuntza lehenesten dituzte.
- Komunitatearekiko ardura: Bere helburu nagusiak kideei onura ekonomikoak, sozialak eta ingurumenekoak ematea da, irabaziak sortze hutsetik harago.
- Autonomia eta Independentzia: Kideek proiektuaren erabakien eta eragiketen gaineko erabateko kontrola dute.
Zer da merkaturatzaile bat? Eta banatzaile bat? Zertan bereizten dira?
Merkaturatzailea eta banatzailea energia elektrikoaren hornikuntzan parte hartzen duten bi enpresa mota dira, baina funtzio eta erantzukizun desberdinak dituzte.
Merkaturatzailearekin, kontsumitzaileak elektrizitatea kontratatzen duen enpresa da, hau da, kontsumitzen duzun energia fakturatzen dizuna. Merkaturatzaileek elektrizitatea merkatu elektrikoan erosten dute eta azken kontsumitzaileei saltzen diete.
Merkaturatzailea dauden guztien artean aukeratu eta alda daiteke.
Banatzailea, berriz, kontsumitzaileei elektrizitatea eramateko beharrezkoak diren azpiegitura fisikoak kudeatzeaz eta mantentzeaz arduratzen den enpresa da. Hau da, energia sorkuntza-zentraletatik etxeetara eta negozioetara garraiatzeaz arduratzen da, linea elektrikoen, azpiestazioen eta transformadoreen bidez.
Banatzailea ezin da aukeratu, kokapenaren arabera esleitzen da. Euskadiko enpresa banatzailea Iberdrola Distribución, i-DE da.
Zein energia-komunitate mota biltzen ditu Europako legediak?
- Energia Berriztagarrien Komunitatea (EBK): energia berriztagarriak erabiltzea dakarren edozein proiektu energetiko komunitarioa. 2018/2001 EB Zuzentaraua, 2018ko abenduaren 11koa, iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatzeari dagokiona.
- Herritarren Energia Komunitatea (HEK): sektore elektrikoarekin zerikusia duen edozein proiektua, hau da: energia ekoiztea, banatzea, hornikuntza, biltegiratzea, ibilgailu elektrikoa kargatzeko zerbitzuak ematea, eraginkortasun energetikoko zerbitzuak, etab. 2019/944 EB Zuzentaraua, 2019ko ekainaren 5ekoa, elektrizitatearen barne-merkaturako arau komunei dagokiona (energia elektrikoa bakarrik, distantzia-mugarik gabe).
- Tokiko energia-komunitatea. Ez da erakunde juridiko bat. 2019/944 Zuzentarauaren zirriborroan agertu zen, baina ez zen azken testuan jaso.
Antzekotasun nagusiak: (1 eta 2)
- Bi ereduak borondatezko parte-hartze irekian oinarritzen dira, eta, beraz, pertsona fisikoek, enpresek edo tokiko agintariek (udalerriak barne) partaideak izan daitezke
- Erkidegoaren autonomia eta pertsona eta/edo erakundeen bazkide edo kideen kontrol eraginkorra.
- Helburu nagusia ingurumen-, ekonomia- edo gizarte-onurak eskaintzea da. Hau da, ez zaio lehentasuna eman behar errentagarritasun finantzarioa sortzeari; berriz,, etekin ekonomikoak, ingurumen- eta gizarte-hobekuntzetan batez ere berrinbertitu behar dira (ez soilik), pertsona eta erakunde bazkideen eta beren jarduera garatzen duten herrien mesedetan.
Desberdintasun nagusiak: (1 eta 2)
- Energia-iturria:
- EBKek iturri berriztagarrietatik sortutako energiaren erabilera sustatzen dute, eta HEKek, berriz, edozein sorkuntza-iturritatik energia lortzea ahalbidetzen dute.
- Garatzen dituzten jarduerak:
- EBKek egin ditzaketen jarduerek energia elektrikoa, termikoa eta garraioa barne hartzen dituzte, betiere jatorri energetikoa berriztagarria badute; HEKek, berriz, sektore elektrikoarekin soilik lotutako edozein proiektu garatzeko aukera ematen dute
- Gehieneko distantzia:
- HEKetan ez dago distantzia-mugarik.
- EBKetan, parte-hartzaileek geografikoki energia sortzen den tokitik gertu egon behar dira, baina zuzentarauak ez dute zehazten energia-komunitateentzako distantzia finkorik, herrialde bakoitzaren (*) esku dago muga espezifikoak ezartzea.
(*) Espainian, erregulazio nazionala autokontsumo kolektiboaren inguruko araudietan oinarritzen da. Araudi horietan 500 metroko gehieneko muga ezarri da proiekzio ortogonalean (lerro zuzena) instalazioa lurrean jartzen denean sortzen diren kontagailuen eta kontsumo-kontagailuen artean. Instalazioa estalki edo pergola baten gainean jartzen denean, 2 km-ra arte luzatu ahal izango da distantzia.
Zein baldintza bete behar dira energia-komunitate bat aintzakotzat hartzeko?
- Partaidetza irekian eta borondatezkoan oinarritutako erakunde juridikoa izatea.
- Autonomoa izatea eta barneko bazkide edo kideen kontrolpean egotea.
- Energia berriztagarrien proiektuetatik hurbil kokatuta egotea.
- Onura ekonomikoak komunitateko kideen energia-kostuak murriztera edo ingurunearen garapen sozialera bideratuta egon behar dira.
- Proiektuak komunitatearen jabetzakoak izatea eta komunitateak berak garatzea.
- Pertsona fisikoek, ETEek edo tokiko agintariek osatzea.
- Bazkideei edo kideei onura ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak ematea.
2. EK baten barruko parte-hartzeari edo funtzionamenduari buruzko zalantzak
Dendek edo edozein merkataritza-motak parte har dezakete energia-komunitate bati lotutako autokontsumoan?
Bai, autokontsumo kolektiboan sar daitezke dendak, lonjak eta bestelako lokalak. Establezimendu horiek izan daitezke EK batek sortzen duen energiari probetxu handiena atera diezaioketenak, kontsumo gehienak egunaren erdiko orduetan izaten baitituzte.
Energia-komunitate bati lotutako autokontsumo partekatu batean, auzokide guztiek parte hartu behar al dute?
Ez dute zertan guztiek parte hartu behar, baina hornidura-puntu komunen bat badago (igogailua, luminaria…), eraikinaren jabeen gehiengo soilaren baimena beharko da, jabetza horizontalaren legearen arabera. Kasu horretan, auzotar guztiek hornidura-puntu komunari dagokion zatia ordaindu beharko dute, horretarako, ezarritako banaketa-koefizientearen eta jabetza horizontalaren arabera. Hornidura-puntu komunik ez badago, jabetza horizontalaren herenaren baimena beharko da, eta kasu horretan, ordainketa instalazioko parte-hartzaileen artean egingo da. Logikoena banaketa-koefizienteen arabera banatzen da.
Bono soziala daukan kontsumitzaile bat autokontsumo kolektibo baten parte izan daiteke?
Bai, bono sozial elektrikoa duen kontsumitzaile batek autokontsumo kolektibo batean parte har dezake bonu sozialerako eskubidea galdu gabe, betiere bonuaren onuradun izateko ezarritako baldintza legal eta ekonomikoak betetzen jarraitzen badu.
Merkaturatzailez aldatzea baldintza gisa jartzen duen EK batean nago, baina nik ez dut aldaketarik nahi. Derrigorrezkoa izan ahal da?
Europako zuzentarauek argi uzten dute kontsumitzaileak askea izan behar duela norekin harremanak izan nahi dituen aukeratu ahal izateko, eta ez soilik eskubide orokor gisa, baizik eta EKen barruko joko-arau bezala. Bestalde, ikusten dugu zenbait EK beren estatutuen barruan ezartzen dutela parte hartu nahi duenak konpainia elektrikoz aldatu beharko duela. Alderdi hori ez da legez kanpokoa, baina aurrez aipatutako printzipioaren aurkakoa da.
Laburpena:
- Merkaturatzaile batetik bestera aldatzera behartzen ez duten komunitateetan parte hartzera animatzen zaitugu.
- Merkaturatzailez aldatzera behartzen zaituen komunitate batean parte hartu nahi baduzu, jakin behar duzu zure eskubidea nahi duzun merkaturatzailearekin kontratua izan ahal duzula. “Derrigorrezkoa” izanez gero, agian komunitatearen kide izanda aurau hau aldatzera behartu dezakezula.
Energia-komunitateetan, nola parte har dezakete energia-urrakortasuneko egoeran dauden pertsonek?
Beharrezkoa da formulak bilatzea pertsona kalteberak energia-komunitateen gisako proiektuetan integratzeko. Proposamen bat kooperatiban sartzeko ekarpen txiki bat ezartzea da, 10€ ingurukoa, edozein pertsonarentzat eskuragarri dagoen zenbatekoa baita.Gainera, akordioak lor daitezke, pertsona bakoitzak ez dezan ordaindu zenbatekoaren proportzioan dagokiona proiektuarentzako, baizik eta eman dezakeena, finantzaketaren eta parte-hartzaile bakoitzaren benetako gaitasunaren arteko oreka bermatuz.
KE osatzen duten pertsonek zehaztuko dituzte baliabideak. Ordainketak egiterakoan ere malgutasuna egon daiteke: adibidez, ekarpenak epe luzeagoetan egitea, ordainketak errazteko. Nolanahi ere, EKak joko-arau espezifikoak ezarriko ditu baldintza sozioekonomiko desberdinetako pertsonak onartu eta partaide egin ahal izateko.
Nola murrizten da faktura elektrikoa?
Konturatuko zara zure faktura elektrikoa murriztu egingo dela, ez delako ordaintzen plaketatik kontsumitzen den energia, eta optimizatu egingo delako EK-ko gainerako bazkideek egiten duten energiaren erositarekin.
Horri guztiari esker, faktura elektrikoa murriztu ahal izango da instalazioko energiarako sarbiderik ez duen kontsumitzaile eta merkaturatzaile batekin merkatuko batez besteko tarifa batera egindako kontratu baten kasuarekin alderatuta.
Zein onurak ditu EK batean parte hartzea?
- Zure faktura elektrikoa murriztuko duzu kontsumitzen duzun energiagatik, bertan ez delako sartuko plaketatik kontsumitzen duzun energia, eta EKak urtero negozia dezakeelako merkaturatzaileekin zure fakturaren gastua optimizatzeko sarean kontsumitutako gainerako energiagatik.
Ez duzu ez bidesaririk ez kargu elektrikorik ordainduko plakek sortzen duten energiagatik.
Plaketatik datorren energia horri dagokionez, autonomoa izango zara, zure energia balitz bezala merkatuko prezioaren gorabeheretara lotuta ez dagoelako. Hornidura eta gastua bermatzen duzu. Bestaldetik, kontsumitzen duzun energia optimizatu ahal izango da zure fakturan, beste bazkideekin batera energia-erosketak negoziatzea erabakitzen baduzue. Horretarako, EKak merkatuan dauden eskaintzen azterketa bat izango du urtero, baldintza onenak eskaintzen dituen kontratazioa autatu ahal izateko. - Energia erosteko negoziazio EKak bateratua egiten du, eta ez kide bakoitzak bakarka. Horrek esan nahi du lortuko dituen baldintzak kide bakoitzak banaka negoziatuko lituzkeenak baino hobeak izango direla.
- Gainera, merkaturatzaileek une bakoitzean egiten dituzten eskaintzen berri izatea eta horiek aztertzea saihestuko dizu, EKa kudeatzen duenak urtero egingo baitu lan hori zure ordez.
- Aurreko guztiari esker, zure faktura elektrikoaren ehuneko handi bat murriztu ahal izango duzu kontsumitzen duzun energiagatik.
Zer egin behar dut Energia Komunitate batean parte hartzeko?
Zure eremuan energia-komunitateren bat badago edo sortzeko prozesuan badago, jar zaitez harremanetan haren kide batekin (hobe talde eragilaren pertsona batekin), haren garapenari buruzko informazioa jasotzeko. Horri esker, baloratu ahal izango da zure kontsumo-puntuak arau-baldintzak betetzen dituen (adibidez, sortze-puntuaren eta kontsumo-puntuaren arteko distantziak) haren parte izateko, edo energia-komunitateak bazkide berriak hartzeko gaitasuna baduen.
Oraindik zure inguruan Energia Komunitaterik ez badago, interesa duten beste bizilagun, negozio edo saltoki batzuekin, edo zure herriko Administrazio Batzarrarekin harremanetan jar zaitezke. Gasteizko Eraldaketa Komunitarioko Bulegoarekin (EKB) ere jar zaitezke harremanetan. Bertan, doaineko laguntza emango dizugu zure behar eta zirkunstantzietarako konponbiderik egokiena bilatzeko. Gainera, orientazioa eta laguntza emango dizugu etapa bakoitzerako.
3. Zalantza teknikoak
Kasu praktikoa: auzokideen komunitate batean bizi naiz eta autokontsumoa jarri nahi dut nire eraikinean. Zenbatekin adostu behar dut hori egin ahal izateko?
- Banakako autokontsumoa edo autokontsumoa (etxebizitzak eta dendak) instalatzeko, beharrezkoa da auzokideen herenaren baimena lortzea.
- Erabilera komuneko autokontsumorako instalazioak egiteko (igogailua, garajeak, eskailera-argia, etab.), bai eta jabekideen erkidegoak horiek egiteko laguntzak eta dirulaguntzak, maileguak edo bestelako finantzaketak eskatzeko ere, jabe gehienen aldeko botoa beharko da, eta jabe horiek, aldi berean, partaidetza-kuota gehienak ordezkatzen dituzte; betiere, urtero jasanarazitako kostuak, dirulaguntza edo laguntza publikoak deskontatu eta, hala badagokio, finantzaketa aplikatu ondoren, gastu komunen bederatzi hileko arrunten zenbatekoa gainditzen ez badu.
- Hala ere, ekipoek edo sistemek aprobetxamendu pribatiboa badute, hala nola autokontsumo kolektibo bati jabe guztiak atxikitzen ez bazaizkio, erabakia hartzeko nahikoa izango da partaidetza-kuoten heren bat ordezkatzen duten erkidegoko kideen herenaren aldeko botoa.
Banaketa-koefizienteak aukeratzerakoan, kooperatiba batek honako hau proposatzen du: instalazioa lehenbailehen amortizatzen gehien lagunduko digun formula erabiltzea. Hau da, eguzki-erradiazio handiagoa dagoen ordutegietan gehiago kontsumitzen duten pertsonek koefiziente handiagoa izatea. Dena den, auzokideak daukate erabakitzeko azken hitza.
Autokontsumoa indibiduala izan dezaket, eta aldi berean, autokontsumoa kolektibo batera konektatuta egotea?
Kontsumitzaile bat hainbat autokontsumo-instalazio kolektiborekin elkartu daiteke, banaketa-ehuneko desberdinekin, baina guztietan modalitate berarekin lotuta egon beharko du. Beraz, kontsumitzaile batek autokontsumo indibidual bat izan dezake eta, aldi berean, autokontsumo kolektibo baten parte izan, betiere bi kasuetan modalitate bera badu.
Eta partekatutako autokontsumoa? Integratu daiteke EK batean?
Energia-komunitate batean parte har dezakezu, zure etxebizitza/eraikinaren estalkian panel fotovoltaikorik jarri beharrik gabe, baina aukerakoa da.
Energia-komunitateak garatutako autokontsumo kolektibo batean parte hartzeko beharrezkoa izango da zure egoitza edo lokala instalazio sortzailetik gehienez 500 metrora egotea, eta 2km-ra ere zabaldu ahal izango da instalazioa estalkian edo energia sortzeko ez diren egituren gainean badago (adibidez: aparkaleku-markesinak).
Eta autokontsumoa partekatua? EK batean integra liteke?
Gauzak moldatu beharko lirateke, baina horretarako formulak daude. Pertsonak ados badaude, nola egin adostu beharko lukete. Kontuan izan behar da gaur egun Europako Zuzentarauen transposizioak egin ez izanak hutsune batzuk uzten dituela energia komunitateen aplikazioan. Argi dagoen kontua da energia komunitateak garatzen dituen instalazioen titularra izan behar duela, horrela dagoeneko dauden instalazioetan lehendik dauden instalazio horien titulartasuna aldatzea egokia eta komenigarria den baloratuko da.
Partekatutako autokontsumoa KE bat da?
Komunikabideetan agertzen diren albisteetan partekatutako autokontsumoak Energia Komunitate gisa aurkezten diren arren, autokontsumo partekatuak egiteko erakunde juridikoak sortzeko beharrik ez dagoela azpimarratu behar da, eta inork ez duela merkaturatzailez aldatu behar. Hornidura-puntu batzuek autokontsumoa egin nahi badute beren artean, instalazioa non egin erabaki behar dute, haren tamaina definitu, eta inbertsioaren koefizienteak eta banaketa erabaki. Komeni da adostuta edukitzea (hobeto idatziz) autokontsumo partekatuan sor daitezkeen gastuak (asegurua, mantenua, koefizienteak berriz kalkulatzea, etab.), baina horretarako ez da beharrezkoa erakunde juridiko bat sortzea. Beheranzko norabidean proposatutako energia-komunitate askotan (kasu gehienetan autokontsumo partekatuak dira) irabazi-asmorik gabeko elkarte edo kooperatibak proposatzen dira, eta, gehienetan, irabazi-asmoa duten enpresa merkaturatzaileekin lotzen dira.
Entzun dudanez, hiriko edo kontzejuetako alde zaharretan arazoak daude instalazio fotovoltaikoak aurrera eramateko, ondareari lotutako legea dela eta. Zer egin daiteke kasu horietan?
Garrantzitsua da sortzen diren zailtasunetarako alternatibak aurkitzen jakitea. Adibidez, autokontsumo kolektiboak egiteko aukera dago 500m-ko erradioan, lurzoruko instalaziotik, edo 2km-tan, estalkiren batean instalatuz gero. Bestalde, denborarekin legeak egokitu egin beharko dira erraztasunak emateko, eta teknologia berrien ikerketak bere fruituak emango ditu. Sorkuntza berriztagarria optimizatzeaz gain, gure kontsumoak ere murriztu beharko ditugu.
Nolanahi ere, ezin da ondarean eragina duen ordenantza edo legedi baten aurka epe laburrean, eta kontuan hartu beharko da energia-komunitatearen bideragarritasunean.
Zer mantentze-lan behar ditu eguzki-instalazio batek?
Mantentze-lanak egitea oso erraza da, instalazioaren egoera egiaztatuko duen eta plakak garbituko dituen urteko bisita bat.
Instalazioa monitorizatuta egongo da, eta horri esker, une oro jakingo da instalazioaren egoera.
Gainera, instalazioak lehen 10 urteetan estaliko duen bermea eta ustekabeak estaltzeko asegurua izango ditu.
Zer gertatzen da eguzki-panelekin beren balio-bizitzaren amaieran? Zenbat kostatuko litzaidake instalazioa panel berriekin ordezkatzea?
Balio-bizitzaren amaieran (25-30 urte), eguzki-panelak desinstalatu, birziklatu edo hondakin gisa kudeatzen dira, desmuntatzearekin, garraioarekin eta birziklatzearekin lotutako kostuekin. Panel berriekin ordezkatzea, momentuan dagoen sistemaren egoeraren araberakoa da. Muntaketa-egitura eta inbertsorea egoera onean badaude, instalazio-kostuak murriztu egin daitezke, baina ohikoena da inbertsio hori hasieran egindakoaren oso azpitik egotea.
Teknologia eraginkorragoak eta iraunkorragoak eguneratzeak epe luzerako kostu-onura erlazioa hobetzen du.
Gainera, hobari gehigarriak daude Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), eta horiek denboran zehar konpentsa dezakete kostua.
Zure kasuan, ordezkapenaren kostu espezifikoa zehazteko, tokiko instalatzaile batekin kontsulta dezakezu eta zure udalerrian aplikagarriak diren dirulaguntzak eta laguntzak egiaztatu.
Zein iraupen edo bizitza erabilgarri dute panel fotovoltaikoek?
Gomendagarria da panel fotovoltaikoek «CE» ziurtagiria (Europar Batasuna) izatea, horrek eraginkortasun energetiko handia eta 25 eta 30 urte bitarteko bizitza erabilgarria bermatzen baitu. Aldi hori igarota, energia-sorkuntzaren eraginkortasuna nabarmen murriztu daiteke, baina panelek denbora gehiagoz funtzionatzen jarrai dezakete.
Nola funtzionatzen du eguzki-energiaren eta sare-energiaren konbinazioak?
Energiaren sorkuntza eta zenbat kontsumitzaile zaudeten arabaera izango da:
- Plakek ordubetean kontsumitzen den guztia sortzen badute, kontsumoa plaketatik datorren eguzkiaren % 100 izango da.
- Ordubetean plakek ez badute ezer sortzen, kontsumoa sarearen % 100 izango da.
- Plakek ordubetean kontsumitzen dena baino gutxiago sortzen badute, elektrizitatearen zati bat eguzki-energia izango da, eta beste zatia, berriz, % 100 berriztagarria.
Kontagailua edo merkaturatzailea (fakturak bidaltzen dituen konpainia elektrikoa) aldatu behar ditut Energia Erkidego bateko kide izateko?
Ez da beharrezkoa kontagailua edo merkaturatzailea aldatzea.
Era berean, ez da beharrezkoa izango instalazio gehigarririk egitea (adibidez: kableatu berria etxebizitzan), hautatutako kokalekuko sortze-instalazioaz aparte.
Autokontsumoko bazkide guztiak modalitate berekoak izatea beharrezkoa izango litzateke, hau da, kontratu mota aldatzea eska liteke; izan ere, energia horrelako instalazioetatik jasotzean, zure kontratua autokontsumoaren modalitatekoa izatera pasa daiteke soberakinekin eta konpentsazio sinplifikatuarekin, zure eguzki panelek sortzen duten energia soberakinaz baliatu ahal izateko.